Probatzen: mezua mozturik ikusi
inakimundi 2008-02-12 GTM 1 @ 17:01Euskarazko unibertsitatea 2010erako jarri nahi dute abian
Zortzi titulaziorekin hasiko dira, eta campusa non egonen den oraindik ez dute zehaztu
Asier Azpilikueta
Iruñea
Ikasketa guztiak euskaraz emanen dituen euskal unibertsitatea sortzeko abiapuntua osatu dute Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Nazio Eztabaida Guneak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Proiektua sustatzeko talde bat osatu dute hirurek, eta haien asmoa da 2010-2011ko ikasturtean abiatzea, zortzi titulaziorekin.
Helmuga horretara ailegatzeko, ordea, bide luzea egin beharko du proiektuak, Joxan Oiz sustapen taldeko koordinatzaileak atzo Iruñean erran zuenez. «Hainbat urrats egin behar dira alor ekonomikoan, juridikoan eta akademikoan. Azpiegiturari dagokionez, adibidez, lehenbiziko campusa izan daitekeenaren kokapena bilatzen ari gara. Lan hori nahiko aurreratua dugu, baina oraindik ez dago finkatuta».
Diotenez, Nafarroan eta Gipukoan ari dira campus horretarako lekuak bilatzen, eta badirudi bigarren herrialde horrek duela aukera gehien. Titulazioei dagokienez, atzoko agerraldian ez zuten zehaztu zein izanen ziren.
UEU-TIK ABIATUTA. Atzoko prentsaurrekoan esplikatu zutenez, 2003. urteko kongresuan, UEUk «inertzia aldaketa» egin zuen eta erabaki zuen euskal unibertsitatea sortzen laguntzetik zuzenean euskal unibertsitatea sortzera pasatuko zela. Batzorde bat osatu zuten, bide horretan urratsak egiteko, eta, 2006ko uztailean, Euskal Unibertsitatea izeneko aurreproiektua aurkeztu zuten.
Euskarazko unibertsitateak nola izan behar zuen deskribatzen zuen aurreproiektu hark: «Euskaldunen unibertsitate eleanitza» izanen zen; «euskararen hizkuntza komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea»; «gizarte partaidetzazkoa», «demokratikoa» eta «herriaren zerbitzura» egonen dena; «Euskal Herriaren eraketa politiko-sozialerako lagungarria» izanen dena; eta «Europako unibertsitate esparruan homologagarria» izanen dena.
Oinarri horiek hartuta, lan horretan lagunduko zuten bidaideen bila hasi zen UEU, eta Kontseilua eta Nazioa Eztabaida Gunea aurkitu zituen. Euskal Unibertsitatea izanen denaren aldeko hitzarmena sinatu dute hirurok, oinarri horiek onartuta, eta atzo aurkeztu zuten Iruñean. «Unibertsitate euskaldun, herritar eta nazionala berria» sortu nahi dute.
Bidelagun gehiago aurkitu nahi dituzte, eta, horretarako harreman saio zabala eginen dute eragile ekonomiko, sozial, politiko eta sindikalekin. Oizek erran zuenez, orain arte kontaktatu dituzten eragileen aldetik «oso erantzun ona» jaso dute. «Batzuek haien harridura agertu digute, egitasmo hau hain berandu etortzeagatik. Eta guztiek helarazi digute haien poza eta zoriona. Laguntzeko prestasun handia dagoela dirudi. Lana hasita dago, eta aski ongi hasita, gainera».
Atzo aurkeztu zuten hitzarmena, beraz, «Euskal Unibertsitatea sortzeko ahaleginetan lehenbiziko pausoa» da, Oizen hitzetan. «Hitzarmen honek irudikatzen du indar metaketa zabaltzen ari garela. Eta, fundazioa sortuta, are gehiago zabalduko da. Fundazio hori hemendik hilabete batzuetara aurkeztea espero dugu».
Atzo, Iruñean, Lore Erriondo aritu zen, UEUren izenean; Xabier Mendiguren, Kontseiluarenean; eta Maite Aristegi, Nazio eztabaida Gunearenean.
Mezu baikorra helarazi nahi izan zuten, atzo, euskarazko unibertsitatearen sustatzaileek, eta hainbat aldiz agertu zuten haien poza, «aspaldiko ametsa» abiatu dutelako. «Bizi garen egoera honetan, aspaldiko partez, mezu positibo bat zabaltzeko egokieran gaudela aipatzen ahal dugu», erran zuen Oizek. «Euskal unibertsitatea ibili, badabil. Aspaldiko partez erronka gisa eta amets gisa hartutako kontu hori martxan dago», gaineratu zuen.
Egitasmoko koordinatzailearen hitzetan, euskarazko unibertsitateak euskal mundua egituratuko du eta euskal mundua ardatz hartuko du. «Datozen urteetan izanen dugu unibertsitate hori, epe ertain-motz batean. Hitzarmen hau beste urrats batzuk egiteko bidea besterik ez da. Eta, bere sinpletasun horretan, gaur egungo testuinguruan, izugarrizko garrantzia du. Pauso txiki bezain inportantea da».
UEU izan da egitasmo honen sorburua. Eta Euskal Unibertsitatea sortuko balitz UEU non geldituko litzatekeen galdetuta, Lore Erriondo zuzendariak erantzun zuen geroak erranen duela hori. «Lehenbizi, sortu egin behar dugu, eta nahiko lan dugu horrekin. Eta, sortuz gero, UEUren jaiotzeko arrazoia beteko litzateke. Nolanahi ere, prozesu bezala ikusten dugu hau guztia. Euskal Unibertsitatea sortzen baldin bada, bertan egongo da UEU. Bera izango da euskal unibertsitatea».
UEU
«Bidelagun gehiago nahi ditugu bide honetan»
a.a.
UEUko zuzendari Lore Erriondo ilusionatuta azaldu zen atzoko agerraldian, «askorentzat ametsa den euskal unibertsitatea» gero eta hurbilago baitago. Bide horretan UEUk, sortu zenetik, eginiko urrats guztiak gogorarazi zituen Erriondok: udako ikastaroak, ikasmaterialak, jardunaldiak eta mintegiak, profesionalen etengabeko prestakuntza...
«Baina horrekin nahikoa ez zela erabaki zuen UEUk bere bigarren kongresuan, eta ikusi zuen urrats kualitatiboa egiteko gizarteko beste eragileen indarrak pilatu behar zituela. Zenbat eta gehiago izan orduan eta hobeto egingo baitugu. Eta hortik etorri da Kontseiluarekin eta Nazio Eztabaida Gunearekin egindako hitzarmena».
Bi horiek ez ezik, bidaide gehiago ere nahi dituztela gaineratu zuen Erriondok. «Herri honetan, zerbait lortu nahi baldin badugu, guztien indarrak norabide berean bilduta lortuko baitugu».
Kontseilua
«Ezarriko zaizkion helburu guztiak beteko ditu»
a.a.
Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak atzo azaldu zuen nola euskal unibertsitatearen aldeko egitasmoan parte hartzeko proposamena jaso bezain laster baiezkoa eman zioten, zalantzarik gabe. «Kontseiluaren helburu nagusia euskararen normalizazioa izanik, normalizazio horretan ezinbestekoa da euskal unibertsitatea».
Unibertsitatea euskalduntzea «hizkuntza politikaren ardatzetako bat» da, Mendigurenen hitzetan. «Etorkizuna geure eskuetan izan nahi badugu, ezinbestekoa da euskal unibertsitatea izena eta izana duena gure artean eraikitzea eta indartzea».
Egitasmoak luze jo duela gogoratu zuen Mendigurenek, gero. «Proiektu honek, agian, luze jo du gaurko mamitze puntu honetara iristeko. Ez da izan lehen kolpe batean aurrera atera dena. Baina, denboran ondo mamituriko proiektua denez, ziur gaude etorkizunean ezarriko zaizkion helburu guztiak beteko dituela».
Nazio Eztabaida Gunea
«Bokazio publikoa izango du, pribatua izan arren»
a.a.
Euskal Herria burujabea ez dela eta horregatik ez duela hezkuntza sistema nazionalik erran zuen, bere mintzaldiaren hasieran, Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko kideak. «Euskal unibertsitatearen sorrera oso-oso urrats garrantzitsua izango da hezkuntza sistema nazionalaren sorreran, eta Euskal Herri burujabea eraikitzeko prozesuan».
Euskal unibertsitateak euskal herritarren hizkuntz eskubideak ziurtatzeko balio izanen duela adierazi zuen, halaber, Aristegik. «Gaur egun, euskal ikasle askori ukatzen zaio euskara eta Euskal Herria ardatz dituen unibertsitate batean ikastea. Unibertsitate berri honek erantzuna emango dio egoera horri. Erabakitze eskubidea gauzatzen ari gara, gainera. Euskal unibertsitatea aldarrikatzetik egitera pasatuko baikara».
Azkenik, Aristegik nabarmendu nahi izan zuen euskal unibertsitateak izaera juridiko pribatua izanen duela, baina «bokazio publikoa» izanen duela.
joxan oiz Euskal Unibertsitatearen Sustapen Taldeko koordinatzailea
«Euskal Herriko unibertsitateen mapako hutsunea betetzera goaz»
asier azpilikueta
Iruñea
Joxan Oiz (Donostia, 1968) irakaslea da Euskal Unibertsitatea sortzeko sustapen taldeko koordinatzailea. Orain, bere lana da bide horrekin segituko duen fundazioa sortzea, eta unibertsitatearen campusa izanen denari itxura ematen hastea. Fundazioa udan martxan izatea espero dute.
Euskal Unibertsitatea eginen duzuela erabakita, eta horretarako lehen bidelagunak aurkituta, zein duzue, orain, egin beharreko lana?
Unibertsitatea fundazio batek sustatuko duela erabaki dugu, eta, beraz, fundazioa sortu behar dugu, orain. Egungo korrelazio politikoa ikusita, fundazio horrek Euskal Autonomia Erkidegoan izanen du egoitza soziala. Baina horrek ez du esan nahi, inondik ere, campusak bertan egon behar lukeenik. Zenbait tokitan ari gara azpiegiturak bilatzen, eta aurreratuen ditugun kokapenak Nafarroan eta Gipuzkoan daude. Hori da orain dagoen aukera. Aurrerago, auskalo. Gainera, izaera telematikoa izanen du unibertsitateak, hau da, ikasketa presentziala arintzen saiatuko da. Eta horrek ahalbidetuko du egoitza fisikoa nonahi jartzea.
Egoitza zentralaz aparte ordezkaritzak izanen lituzke Euskal Unibertsitateak?
Hasierako egoitza bat izanen dugu, lehenbizi. Eta zortzi titulaziorekin hasiko gara. Eta eskaintza hori zabalduz gero, izan daiteke bigarren campus bat ere sortzea.
Unibertsitate bat egiteko diru asko behar da. Egoera ikusita, Nafarroan ez duzue batere dirurik lortuko. Eusko Jaurlaritza ezinbestekoa izanen da, beraz. Horrek, akaso, gehiago eramanen du proiektua hara, ezta?
Hemen, eroenak ere badaki erakunde publikoen aldetik etortzen ahal diren laguntzak errazago etorriko direla Euskal Herriko mendebaldetik, ekialdetik baino. Horrekin kontatzen dugu. Baina gauzak kalkulatu bezala betetzen badira, ez da unibertsitate defizitarioa izanen. Eta horrek unibertsitateari burujabetza emanen lioke.
Dena dela, unibertsitatearen sorreran, agian, dirua ez da gainditu beharreko koska handiena. Unibertsitatea martxan dagoela, orduan bai, diru nahikotxo behar izanen da. Baina orain beste koska batzuk gainditu behar dira, hala nola, zenbait erakunderen errezeloak. Eta eragile gehiagoren laguntza behar da ere. Horretan, nahiz eta hastapeneko fasean egon, esan behar dut izugarrizko jarrera ona izan dugula. Alderdi politikoekin ez gara hasi modu ofizialean, baina, zeharka egindako harremanetan, oraingoz, izugarrizko erantzun onak izan ditugu. Orain, proiektua aurkezten ari gara. Eta, dudarik gabe, proiektua hobetzen eta moldatzen ahal da. Datozen bizpahiru urteetako prozesuan, unibertsitate beraren estatutuak eta arlo akademikoa landu behar denean, eragile bakoitzak egin ahal izanen ditu bere ekarpenak. UEUk otsailaren 23an du batzarra, eta ordurako zerbait garbiago badugu, deialdi sendo bat egingo dugu.
Erakunde publikoen aldetik funtsezkoa izan daiteke Eusko Jaurlaritzaren laguntza; eta erakunde pribatuen aldetik, MCCrena. Baina biek ala biek dute beren unibertsitatea. Horrek zailduko du zuen egitasmoa?
Guk ez dugu inoren lekua hartu nahi. Guk izan nahi dugu gure lekua. Euskal Herriko unibertsitateen mapan beste bat izanen gara. Mapa hori osatzera goaz, osatu gabe dagoela uste baitugu. Besteak beste, euskal unibertsitate bat ez dagoelako. Hor hutsune handia dago, kalitatez eta kantitatez. Eta gu modu txiki batean hasiko gara hutsune hori betetzen.
Euskarazko unibertsitatearen hutsunea nabarmena da Euskal Herriko ekialdean. Mendebaldean ere hutsunea dagoela uste duzue?
Bai. Nik ez dut ezagutzen inor ustezko euskal lerroko titulazioa aukeratuta ikasketa guztiak euskaraz egin dituena. Adibidez, gure arreba txikia Arkitektura egiten ari da Donostian, eta izugarrizko arazoak ditu. Egoera guztiz anormala da. Eta euskararen normalizazioa gauzatuko da halako arlo akademikoan osatzen denean. Ez dugu inoren kritika gogorra egin nahi, eta ez dugu esaten inor soberan dagoenik, baina onartu beharko dute hutsune handia dagoela. Eta gu horretara goaz, ongi edo gaizki, hutsune hori betetzera.

Zabaldu
del.icio.us